<95>
hetika daritzan eritasun bat, zein egiten baita, sukharra denbora luzeaz eta aphur bana hezurretan barrena sartzeaz: eta eritasun hark ezpaitu erremediorik, mirakuiluz edo baizen, eta izaitekotz ere xoil luzaro: hala da denbora luzeaz, gogoan eta bihotzean barrena sarthurik dagoen aztura gaixtoa ere. Hura da hetika gaixto sarthua, atheratzen eta erremediatzen gaitza. Eta halakoagatik erraiten du San Augustinek thonban barrena sarthua eta ehortzia dagoela; eta gaineko harri-estalkia, jaikitera eta hats hartzera utzten eztuena, usantza gaixtoa dela. Moles illa imposita sepulchro, ipsa est vis dura consuetudinis, qua praemitur anima, nec respirare nec resurgere permittitur (Aug. serm. 44 De verbis Domini, tom. 10).
Haur beror eman zuen aditzera gure Salbatzaileak berak, Lazaro laur egunetako hil kirastua, anhitz hatsbeherapen eta sentimendu eginik, pitztu zuenean. Bertze guztiak erraxki eta aise zegoela pitztu zituen, baina Lazaro, iduriz, nekez. Aditzera emaiteagatik, zein gaitz den, denbora luzeaz bekhatutan usatua, usteldua eta kirastua dagoen bekhatorearen sendatzea eta erremediatzea. Halakoa, hartara heltzen dena, Lazaro kirastua bezala da, Jainkoaren bothere handiaz baizen, ezin erremedia ditekeiena.
Arrazoin hautzaz guztioz emaiten da aditzera, nola luzamendutan, gerotik gerora