<91>
zarenean, ezin higi ditzatkezu erhiak, lothuak bezala daude. Zeren ezpaitira usatuak. Baina gero eta gero usatzen eta trebatzen dira, hain trebatzen, ezen azkenean, bertze alderat beha zaudela ere, hitzen erdiak eskiribatzen baititutzu. Hala ikhusiko duzu dendari baten etxean ere, ofizialeak abiadura handia daramala, pontuak husu eta laster emaiteintuela; baina aprendiza bakhan, baratx, eta pontuak kontatuz bezala hari dela. Zeren ezpaita aprendiza ofizialea bezala usatua, ohitua eta trebatua.
62 Halatan, erraiten du Aristotelek: Ex actu multoties iterato fit habitus (August. lib. 2 Ethico). Ez behingoaz, baina maiz eta anhitzetan usatzeaz egiten da trebetasuna eta aztura. Eta behin aztura hartuz gero, trebatuz gero, anhitz gauza egiten da, gogoa pensatzeketan, eta borondatea ere hautatzeketan ibili gabe. Hala erraiten du San Krisostomok: Consuetudo est quae postea etiam absque electione fit (Chrysost. Hom. 10, tom. 3). Anhitzetan, hartan guti pensaturik, zeinatzen zara. Anhitzetan, zer mintzo zaren eztakizula, arneguak eta juramentuak egiteintuzu. Anhitzetan, bertze alderat beha zaudela, erhiak soinu egiteko erabiltzeintuzu. Eta hauk guztiok dira usantzaren jokoak, trebetasunaren kolpeak eta azturaren tornuak.
Garzelean sartzen zaituztenean, sarthu berri hartan, usna on duzu, kiratsa aditzen duzu, erraiak nahasten zaizkitzu, sentikor zara.