<612>
eztutela aitzinerat hetan egoiteko gogorik; ordea, obraz kontrara erakusten dute. Zeren hetan daudela akhabatzen dira eta, halatan, akhabatuko ezten gaztigua ere justuki emaiten zaie.
§ 2
394 Denbora gutiz egiten den bekhatuari emaiten zaika sekulako gaztigua. Zeren, San Tomasek dioen bezala: Culpa manet in aeternum, cum culpa non possit remitti sine gratia, quam homo non potest post mortem acquirere, nec debet poena cessare quandiu culpa manet (S. Thom. ubi supra) </ref>. Bekhatua eta bekhatuaren kulpa, hobena eta notha gelditzen da sekulakotz. Zeren ezin barkha diteke eta ez garbi bekhatua, Jainkoaren garazia gabe eta penitenzia egin gabe; eta hilez gero ezta garazia erdiesterik, eta ez penitenzia egiterik. Beraz, bekhatuaren penak eta gaztiguak ere iraun behar du sekulakotz. Zeren ezta arrazoin dagoen bekhatua, eta dagoen gaztigu gabe.
Merkatalgoa, sal-erosia, fite da egin. Ordea, handik harat, salduz gero, gelditzen da sekulakotz saldua saldu, eta bai erosia ere sekulakotz, erosia erosi. Buruan ere kolpe bat emaiten deratzutenean, kolpea fite da egin; ordea, sendatzea nekez eta luzaro.