<601>
bertzerik, bethi berde, estante batean dagoena, muthatzen eztena. Hango sukharra eta berotasuna, ezta behin ere jabaltzen, eta ez beheititzen, bethi dago goren pontuan eta leheneko kontuan. Zer ahal dateke, bada, tormenta handiagorik eta nekhagarriagorik, bethiere lekhu batetan eta molde berean, higitu gabe, aldatu gabe eta muthatu gabe, harritua bezala, penatan, geldi egoitea baino? Munduko janharirik preziatuena ere, bethiere hartarik, bertzetara aldatu gabe, jaten denean, gaitzesten da, higuintzen da.
Ezin zatekeien gure artean janhari hobeagorik, eta ez bianda gozoagorik, Jainkoak berak Israeleko semei zerutik eman zerauena baino. Ordea, zeren hartarik beretik, bertzetara aldatu gabe, bethiere jaten baitzuten, hain higuindu zeien, non jaterakoan goragale bat ethortzen baitzeien. Eta hala, ohe on batean ere, behin ere higitu gabe, alde batera edo bertzera itzuli gabe, bethi geldi egoitea eta etzatea ere, zer pena lizate? Nork paira lezake? Bada, baldin denbora luzeaz lekhu batean dagoena, ongi badago ere, penatzen eta nekhatzen bada, zer izanen da pena eternalean, su fin gabekoan dagoenaz?