<602>
§ 1
387 Nahi baduzu jakin zer den su fin gabekoa, akhabatuko eztena, frogatzen duten ondikozkoek dakite, eta ez bertzek. Baldin galdegin baliazote orai Judasi: ―Errazu, diszipulu gaixtoa, zeure nabusiaren saltzailea, zenbat denbora du, barren horretan, ifernuko pena horietan zaudela? Ihardets lezake: ―Badu mila eta seietan ehun urthe, eta gehiago. ―Eta orduan, lehenbizi pena horietara zinenean, zer zor zenduen? ―Pena eternala, akhabatuko eztena. ―Eta hemendik bertze mila eta seietan ehun urtheren buruan, zer zor izanen duzu? ―Orobat orduan ere, hastean bezala, pena eternala, akhabatuko eztena.
Ezta aitzinatzen, eta ez gibelatzen, bethi dago egoitza batean, krozka batean. Ezta behin ere ifernuko obligantzaren zensua eta interesa iraungitzen, eta ez pagatzen; bethi da zor prinzipala interesarekin.
Eta, nola ifernuan daudenek hanbat pena iragaiten baitute, eta pena hetzaz zerbait pagatzen dutela, edo pagatu behar luketela badirudi ere, eztute, ordea, pagatzen, bethiere dute orobat zor. Zeren nola borondate