<594>
Eta ezta miretsteko, hek han hala desiratzea. Zeren bere baithan erreak, deseginak eta alde guztiz deskonsolatuak baitaude. Kanpoan suak erratzeintu, eta barrenean harra alha zaie. Eta har hartzaz erraiten du Isaias profetak: Vermis eorum non morietur (Isa. 66). Heken harra ezta hilen. Eta har hura ezta, ez, hemengo har hauk bezala, haragiz egina eta bizirik dabilana. Baina hura da konzientziaren akhusamendua, autsikia, alhadura, ximikoa, eranzutea; eta ifernuan daudenek bere baithan duten damua, urrikia eta orhoitzea, nola izan zuten indar, antze, ahal, esku eta bothere, pena hetarik guztietarik eskapatzeko; eta nola, guztiarekin ere, bere faltaz etziren eskapatu, bere faltaz galdu ziren; eta utzi zuten eskuen artean izan zuten denbora, okhasinoa eta aparailua probetxatu gabe iragaitera eta galtzera.
Eta hunela, orhoitze hunek akhusatzeintu, larrutzeintu, desegiteintu, erraiten duela batbederak bere baithan: “Ha, ene galdua, ene zoro adimendugabea! Zertan pensatzen othe nuen nik, bizi nintzen denboran, neure burua neure eskuko nuenean? Anhitzetan erran zeitan nori berea bihur niazola, etsaiarekin adiskide nendila, juramentu egiteko usantza utz nezala, behar etzen emazteari aparta nengiola; finean, giristino bezala Jainkoaren manamendu sainduen arauaz eta