Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/595

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<593>

Halatan, bethi ere bizitzen direla, bethi ere penatzeko. Eta, hala, heken bizitzea ezta bizitze, eta ez heriotzea heriotze. Ezta bizitze, zeren ezpaitu ontasunik, eta ez konsolamendurik. Ezta heriotze, zeren ezpaitu akhabatzerik. Arrazoinekin erraiten da halakoagatik: Bonum erat ei, si natus non fuisset homo ille (Matth. 26). On zukeien sorthu ezpaliz, edo sorthu eta berehala hurtu, hondatu eta ezdeus bihurtu baliz. Zeren San Tomasek dioen bezala: Melius est non esse quam male esse (S. Thom. 39 q. 98 ar. 3 in corpore). Hobe da ez izaitea, gaizki izaitea baino. Hunen arauaz erraiten du Jondone Joanes ebanjelistak ere: In diebus illis desiderabunt homines mori, et mors fugiet ab eis (Apocal. 9). Egun hetan, orduan penetan daudenek desiratuko dute bere egunen fina eta akhabantza, hil nahiko dute, herioaren bilha ibiliko dira; baina alferrik: eztute edirenen. Zeren herioak hetarik ihes eginen du; halatan, bethiere bizitzen direla bethiere penatzeko. Zeren penatzea hiltzea baita.


§ 5


382 Erran behar da handia dela ifernuan daudenek duten miseria eta ondikoa, orai guk hemen gutien nahi dugun gauza, zein baita heriotzea, hek han hura gehienik bilhatzen eta desiratzen dutenean.