<584>
nahi natzaika (Vide Dom. Soto in 4 Ser. dist. 5 q. unica art. 4) . Eta haren erranaren eta iduriaren arauaz diot ezen, eztela ifernuan izanen elhurrik, hormarik eta ez bertze hotz suerterik. Zeren gure salbatzaileak, ifernuaz mintzo denean, eztu behin ere aiphatzen elhurrik, eta ez egiten orhoitzapenik hormaz eta ez bertze hotz moldez. Aitzitik, erraiten deraue gaixtoei: Ite, maledicti, in ignem aeternum. Zoazte maradikatuak su eternalera, akhabatuko eztenera. Zeren hotzetik berora edo berotik hotzera aldatzekotz, aldatu behar lizateke gehiago penatzeagatik. Baina hartarakotzat ezta hotzen premiarik. Zeren, bataz, bortitzago baita beroa hotza baino; eta bertzea, zeren suaz beraz emaiten baitio Jainkoak bekhatoreari bere dagokan gaztigua. Beraz, badirudi ezen alfer lizatekeiela hotza, beroa bera asko den lekhuan
Eta hala, ifernuan zegoen aberats abariziosak ezin erdietsi zuen ur xorta bat bere mihiaren hezatzeko eta freskatzeko. Eta bertzela ere gaitz da aditzen eta erdiesten, nola ahal dirateien elkharrekin edo bata bertzearen ondoan, ifernuko labe hartan, hotza eta beroa; behintzat, batetik bertzera aldatzeko pontu hartan bedere, zerbait moldez pena arindu gabe.
376 Eta Jobek erraiten duenean iragan bedi elhur uretik bero handira, ezta, ez, han Job