Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/561

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<559>

Salbatuko othe naiz?". Pontuaren latza! Pausuaren gaitza! Egitekoaren handia! Hersturaren hertsia eta izigarria! Zer eginen du orduan arima izi hark? Nor deituko du bere faboretan? Nork eskua emanen dio? Nor helduko? Nor lagunduko zaika? Nor, bada? Bere aingiru begirailea: hark orduan, adiskide onak bezala, laster egiten du, hark eskuei eragiten deraue, eta inguruneko etsai guztiak, demonio tentazaileak, alde batera eta bertzera bulkhatzeintu. Eta gero erraiten dio arimari: "Ea arima izitua, bihotz har ezazu, esportza zaitezi, etzaitezila errenda, eztezazula gal esperantza. Zeren zure bekhatuak anhitz eta handiak badira ere, jakizu ezen Jainkoaren miserikordia are dela handiago; eta Jainkoak nahi duela salba zaitezin; eta izaitekotz faltarik, zure aldetik izanen dela, eta ez Jainkoarenetik”. Orduan Elizak ere egiten du othoitz, erraiten duela: Occurrite, Angeli Domini, suscipientes animam eius. "Ea zeruko aingiruak, Jainkoaren aitzinean zaudetenak, orai da ordua, laster egizue, hersturatan dagoen arima huni eskua emozue, hel zakitzate". Orduan arima hark bere barren hartan, bere obrekin, berak iharduki behar du: ezta ahaide-adiskiderik hara heltzen; baina bai aingiru begirailea: hark edukitzen dio on, hura dagoka aldakan, hark eztu utzten, gorputzean dagoen bitartean.