<558>
eta deabru tentatzeko eta bekhatu eragiteko. Eta, hala, erran ahal dezakegu ezen aingiru on bat begiratzeko bezala, badugula, halaber, gaixto bat ere, bere ahalaz gure tentatzeko eta galtzeko; ona Jainkoak emanik, eta gaixtoa Luziferrek igorririk.
357 Eta ezin erran diteke zein gerla handia duten aingiru hek biek, onak eta gaixtoak, gure arimaren gainean. Biak permatzen dira, biak enseiatzen dira. Eta zintkienik, heriotzeko orenean enplegatzen dira. Zeren orduan dira zinak eta minak; orduan da arimaren gorabehera guztia, eta balantzaren alde batera edo bertzera erortzeko pontua eta puntada. Orduan biltzen dira deabruak eta laguntzen zaitza elkharri, erraiten dutela: Deus dereliquit eum; persequimini et comprehendite, quia non est qui eripiat (Psalm. 70). "Utzi du Jainkoak; har dezagun, beraz, guk; daramagun, zeren gurea da, eta nori berea, ezin nehork edeki diazaio". Inguratzen dute, tentatzen dute, desesperatzeko pontura ekhartzen dute; eta peril da, zenbait desespera arazitzen ere baduten. Pontu hartan ethortzen zaitza arima tristeari gogora, egundaino egin dituen falta guztiak; eta hanbat eta hain handiak direla ikhusirik, bihotza hersten zaika, hiltzen zaika; eta jartzen da bere buruarekin gogoetan, erraiten duela: "Zer izanen da orai nitzaz? Zer bide hartuko othe dut?