<527>
erremediatzeko ordenaturik zeuden oferendak eta sakrifizioak; eta hura zen orduko kofesatze moldea.
§ 1
339 Orai lege berrion, Ebanjelio saindua deklaratuz gero, usatzen da giristinoen artean bertze kofesatze molde bat, aphezaren aitzinean egiten dena. Lege naturalekoa eta eskiribatukoa baino seguragoa, indartsuagoa eta baliosagoa. Zeren hitz batez erraitera, oraiko kofesatzean obratzen baitu Jesu Kristo Jaunaren heriotzeak eta pasioneak. Bekhatua kofesatzen duzunean eta aphezak absolbazinoa emaiten deratzunean, han da berehala Jesu Kristoren pasioneko meritua eta balioa; han da berehala haren garazia eta faborea, eta harekin batean bekhatuaren barkhamendua.
Bi arrazoin eman ahal ditezke prinzipalki, frogatzeko oraiko kofesatzeak indar gehiago duela, Lege Zaharrekoak baino. Lehenbizikoa: zeren oraiko kofesatzeak, Lege Zaharrekoak etzuena, badu bere baithan barrena indar, garazia emaiteko. Lege Zaharreko kofesatzeak eta orduko bertze sakramenduek etzuten berek bere indarrez eta berthutez garaziarik emaiten; baina emaiten zuten garazia, emaiten zuten, errezibitzen zituenak