<516>
ahalke, desohore eta trabailu guztiekin ere, nahiago dute gaixtoek kontrako bidean trabailaturik ibili, bide onean eta artezean trabailatu gabe baino.
Anhitz gauza egin ahal diteke Jainkoaren zerbitzuan trabailu gutirekin. Zeren, zer trabailu da egiaz minzatzea? Falso testimoniorik ez erauztea? Juramenturik ez egitea? Giristino lagunari barkhatzea? Baina bertzela egitean bada pena eta trabailu. Zeren gezurrak, falso testimonioak, juramentuak eta etsaiez mendekatzeak ere, anhitz okhasino eta egiteko pitzten ohi dute. Eta, alabaina, haur da egitekoa: nahiago dugu ifernutik ifernura joan, ezen ez parabisutik parabisura. Manamenduen konplitzeko eta begiratzeko eztugu nekhatu behar, ez behintzat hautsteko bezanbat, eta halarik ere, nekhaturik eta trabailaturik ere, nahiago dugu ifernura joan, trabailurik gabe parabisura baino.
Etzuen behin gaizki erran saindu batek, anhitzetan ere ifernura joaiteko hartzen dugun trabailuaren erdiaz, erdiets genezakeiela parabisua. Halaber, saindu hark berak, ikhusirik ezen neskato bat, kopetaren edertzeko, xerloak goiti thiraturik penatzen zela, eta gerriaren ere lerdentzeko bortitzki hersten zela, erran zuen: "Bidegabe eginen dio Jainkoak neskato huni, baldin hunen