<514>
Hala da, bada, berthutearen eta bizioaren, egiaren eta gezurraren artean ere. Egiak, berthuteak, eztu edergarriren beharrik, bera da eder asko. Gezurrak bai, hark anhitz estalki behar du, eta edergarri; eta, halarik ere, ezta behin ere asko edertzen, eta ez estaltzen. Baldin gezurtiak bere gezurra egiatzat iraganen eta salduko badu, penatu behar du; batari eta bertzeari zer ihardetsiko dioen, aitzinetik pensatua eduki behar du, gogonduri on behar du, akhorduan eta memorioan egon behar du. Mendacem opportet esse memorem. Zeren erran komuna da, gezurrak zainak labur dituela.
Zer erranen dugu, bada, emazte baten ondoan dabilanaz? Harekin hartzen den atsegin hura, guztiak ongi kontatzera, atsegin othe da, ala atsekabe? Ikhusiko duzu gizon gazte bat eta, batzutan, are gaixtoago baita, zenbait zahar ere bai, gauak galdurik, onak gastaturik, gorputza deseginik, bere ohorea eta eginbidea gibelat utzirik, emazte bati darraikala. Eta, berriz, ikhusiko duzu, halaber, bertze bat, emaztez kontu guti eginik dabilan bat. Orai, bada, hetarik bietarik, zein othe da aiseago eta bere gogarago? Zeinek iragaiten othe ditu gau-egunak geldiago eta malenkonia gutirekinago? Ezta zer galdeginik. Zeurk aithortuko duzu, mundu hunetan izatu ditutzun inkontru gaitz guztiak, edo behintzat