Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/515

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<513>

§ 4


331 Gaixtakerian dabilanak, guztiak ongi kontatzera, segur da are mundu hunetan ere atsegin baino atsekabe gehiago iragaiten duela. Ohoin batek zenbat trabailu iragan behar du, bere ohoinkeriaren egiteko? Etsaigoan dabilanak zenbat ikhara, zenbat bihotz-ukhaldi errezibitu behar du, bere etsaiaz mendekatzeko? Enganatzaile batek, zenbat pensu eta itzulinguru egin behar du, bere enganamenduaren baliatzeko? Gezurtiak zenbat gezur, zenbat hitz eder saldu behar du, bere gezurraren edertztatzeko, estaltzeko eta egiatzat bulkhatzeko? Bethi ere bezala, hemen ere ederki erraiten du San Krisostomok: Quemadmodum, enim, deformia corpora multis artificiis et indumentis indigent, quae naturae deformitatem contegant; quae, autem, natura pulchra sunt, ipsa per se, etsi nihil extrinsecus deveniat, resplendeant; ita etiam in virtute et vitio, in veritate et mendacio, invenire possumus (Chrys. in Ps. 26, t. 1). Presuna ederrak, gorputza bere eskuko eta ongi egina duenak, eztu kanpoko edergarriren beharrik, zeren bera baita bere baithan eder asko. Baina itsusiak, marketsak, behar du anhitz estalki, anhitz bernizadura eta aphaindura, eta hekin guztiekin ere, etxean legoke ederkienik.