<50>
Ageri da errege Dabid baithan. Errege hari etzeraukaten egundaino gerlek, eta gerletako trabailuek, hanbat egiteko eta atsekabe eman, nola alferkeriak, eta alfer zegoela egin zituen bekhatuek. Non sunt otiosi, quorum voluptates multum negotium habent, dio Senekak (Senec. De brevitate vitae). Eztaude, ez, alferrik, plazeretan dabiltzanak. Zeren plazer hetan bada desplazer eta atsekabe, trabailu eta egiteko. Dum otio vacant, in rem negotiosissimam incidunt (Laert. lib. 2). Alfer egoiteaz, erortzen dira egiteko handitan. Sicut enim, cum quis non comedit, dentibus nocet, ita qui comedit non accommoda, stupescere facit (Chrys. Hom. 36, tom. 3). Nola ez jateak galtzen baititu hortz-haginak, hala behar eztenetik jateak ere hortzkitzeintu.
§ 1
33 Gauza segura da eta egiazko fedeak erakusten duena, salbatzeko, zeruko lorian sartzeko, eztirela desira onak berak asko. Baina behar direla Jainkoaren manamendu sainduak, desiraz bezala obraz ere konplitu. Haur da egia, eta egia haur giristino garen guztiok sinhesten dugu. Ordea, guztiarekin ere, edireiten du gure maliziak eta borondate gaixtoak zenbait itzurpide, zenbait desenkusa eta eskapatzeko bide, obratzea utzirik, desiratan denboraren iragaiteko, luzamendutan