<496>
Beraz, karga badira ere, on dira orgak, belak, arrauak, hegalak, eta bai Jainkoaren lege sainduaren uztarria ere. Zeren uztarri haur karga izanagatik ere, hunekin batean hobekiago eta aisekiago iragaiten baitira mundu hunetako trabailuak eta atsekabeak. Zeren Jainkoa bera, legearen emailea, legearen begiratzen eta konplitzen laguntzen baitzaiku, eta hartarakotzat uztartzen bezala baita gurekin. Egia haur ezaguturik, erraiten zioen San Agustinek Jainkoari, hitz gutiz eta ederki:
Da quod iubes, et iube quod vis (August. lib. 10 Confes., cap. 29 et 31). “Jauna, emazu manatzen duzuna, eta gero mana ezazu nahi duzuna”. Zeren indarra franko denean, eta laguna ere ona, ezta kargagatik antsia. Beraz, Jainkoa bera jasaiten laguntzen zaikunaz geroztik, arrazoinekin erraiten da haren uztarria plazent dela, eta karga ere arin.
§ 5
321 Gure lege sainduaren eta manamenduen karga arin da, eta are arintkarri da. Zeren baldin alde batetarik kargatzen bagaitu, bertzetik arintzen, eta bertze anhitz kargaren eta obligazinoren azpitik atheratzen baikaitu.