Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/497

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<495>

onetan zabiltzanean, etzara behin ere bakharrik, zurekin da Jainkoa, laguntzen zaitzu, kidatzen zaitu. Eta halatan da Jainkoaren lege saindua errax eta arin. Zeren Jainkoak berak gehien partea jasaiten eta eramaiten baitu.

Jainkoaren manamenduak idien orgak, xaluparen arrauak, untziaren belak eta hegaztinaren hegalak bezala dira. Orga karga da, pisu da. Ordea, idiek karga harekin karga gehiago eramaiten dute. Badirudi karga laguntzen zaiela karga eramaiten. Arrauak eta belak ere pisu dira; ordea, hekin batean arintkiago eta lasterrago dohazi untziak eta xalupak. Hegaztinaren hegalek ere badute bere karga eta pisutasuna. Ordea, karga hark, ez kargatzen, baina arintzen du hegaztina. Hala erraiten du San Agustinek: Haec sarcina non est pondus onerati, sed alae volaturi; habent, enim, et aves pennarum suarum sarcinas. Et quid dicimus? Portant illas et portantur. Portant illas in terra, et portantur ab illis in caelo (August. De verbis Domini serm. 24, t. 10). Hegaztinak jasaiteintu lurrean bere hegalak, eta airean hegalek jasaiten dute hegaztina: jasaiteintu, eta jasaiten dute. Erran bazeneza: "Hegaztina haur trabatzen eta kargatzen dute bere hegalek" eta, urrikaldurik, edeki baziniatzo, kalte gehiago egin ziniazaio, probetxu baino. Zeren airatzen eta hegaldatzen zena, lurrean geldi bailiteke.