Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/491

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<489>

Eta amorioak trabailu guztiak arintzen, gozatzen, zaphoratzen eta ezeztatzen baiterautza. Hala bada giristino onari ere, amorioak, gogotik egoiteak arintzen, errazten, gozatzen eta ahantz arazitzen derautza Jainkoaren manamenduen konplitzean iragan behar diren neke-trabailu guztiak. Hala erraiten du San Agustinek: Omnia saeva et immania prorsus facilia et prope nulla efficit amor (August. De verbis Domini serm. 8 et ser. 46 De tempore, tom. 10). Diren gauzarik gogorrenak, moldegaitzenak eta hezgaitzenak ere, hezten, beratzen, moldatzen eta eskuetaratzeintu amorioak. Ezta gauzarik, amorioak hez, hauts, balaka eta errenda eztezakeienik. Amurus batek anhitz pena eta trabailu pairatzen du bere amurusagatik, anhitz gau eta egun gaixto iragaiten du haren erdiesteagatik. Baina hek guztiak, zeren amorioak itsutua baitago, deus guti sentitzeintu. Bada, giristino onak, Spiritu Sainduaren amorioaz eta garaziaz ukiturik dagoenak, zenbatenaz gutiago sentitukoitu eta erraxkiago iraganeintu Jainkoaren zerbitzuan ahal dirateken trabailuak? Zeren amorio garbiak, Jainkoaganik heldu denak, indar gehiago behar luke, eta du ere, deabruaganik heldu den amorio higuin, hats, lizunak baino. Eta, halatan, arrazoinekin erraiten du gure Jainkoak, haren ebanjelioaren uztarria plazent dela, eta legearen karga ere arin. Zeren hala baita, arin eta plazent baita, gogotik dagoenarentzat, borondatez eta amorioz hartzen duenarentzat.