<430>
edo gurdiaren arroda bezala dira. Gurdi kargatuak badarasa, badirudi bere karga handia ezin jasanez arrenkuratzen dela; hala arrenkuratzen da, bada, bekhatorearen konzientzia ere, bere bekhatuen karga eta pisutasuna ezin jasanez: hark nekhatzen du, hark zapatzen du, hark bere soinuaz, habarrotsaz eta erasteaz tristetzen eta penatzen du.
279 Egun batez joan zituen filosofo batek zapata batzuk bere etxera, prometaturik zapatagileari, denbora gutiren barrenean pagatuko zerautzala. Eta abiatu zen bere hitzean eta ephean pagamenduaren egitera. Baina, enzunik ezen hiltzela diruak behar zituen zapatagina, bihurtu zen alegerarik bere diruekin etxerat, iduriturik ezen hainbertzez kito zela; eta eduki zituen zenbait denboraz diruak berekin. Ordea, bitarte hartan hain jaten eta erratzen zuen bere baithan barrena bere konzientziak, ezen ezin pairatuz, joan baitzen bere diruak harturik zapataginaren etxera; eta han egotzi zituen, erraiten zuela, zapataginarekin berarekin mintzo izan bailiz bezala: Ille tibi vivit, redde quod debes (Senec. lib. 7 De benefic., cap. 21). "Bertze guztientzat hil bahaiz ere, oraino bizi aiz enetzat. Thotzik bada, har itzak heure zapaten diruak, eta utztak niri bakea". Deskargua egin arteino, etzuen utzi bere konzientziak sosegatzera, anarteraino bethi eman zioen garri eta narrio.