Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/42

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<42>

§ 2


26 Presuna alferra edukazu galdutzat eta hiltzat. Eta handik erraiten du Senekak: Otium sine litteris est vivi hominis sepultura (Senec. Epis. 28). Letra gabeko aisia, deus eztakienaren alferkeria, gizon biziaren hobia da, eta sepultura. Zeren deus eztakiena, eta egiten ere eztuena, presuna hilaren eta ehortzirik datzanaren pare baita. Omnium vitiorum quasi magistra quaedam atque origo, otiositas, dio San Krisostomok (Chrysost. tom. 36, tom. 2). Bizio guztien eta pensu gaixto guztien zimendu, ithurburu eta maestru bezala da alfertasuna. Zeren ithurritik ura bezala, alferkeriatik ere sortzen baitira gaixtakeriak.

Handik heldu da probetasuna, errumeskeria, eskean ibiltzea, eta bai ohoin izaitea ere. Pigritia est nutrix egestatis, dio Senekak (Senec. lib. de benef.). Nagitasuna da nezesitatearen eta probeziaren unhidea eta hazama. Eta erraiten du Spiritu Sainduak ere: Omnis piger in egestate est (Prover. 2). Nagia bethi da behar, eskas eta errumes. Qui furabatur, iam non furetur, magis autem laboret, ut habeat unde tribuat necessitatem patienti, dio Jondone Paulok (Ephes. 4). Ebatsten zuenak, eztezala ebats, baina trabaila bedi, manaia bedi, eta halatan izanen du bere eta bertzeren. Erran nahi du, baldin trabailatzen bada, eztuela ebatsiko, eta ez errumeskeriarik ikhusiko.