<413>
etzen jende ohorezkorik eta kontuzkorik dantzetan edireiten. Zizeronen errana da: Nemo fere sobrius saltat (Cicer., Pro Murena). Nehor guti dantzatzen da edana eztenean, adimenduan dagoenean.
Jende gazte arinen, zenzuz baino zangoz fidago direnen ofizioa da dantza. Dantzan ezta okhasino gaixtorik baizen. Han ahalkea galtzen da; ezagutzatan sartzen da; solhastatzen da, trebatzen da, eskuztatzen da, mandatua egiten da, eta azkenean behar eztena sortzen da.
Erran behar da gauza gaixtoa eta okhasinotsua dela dantza, hartzaz dioenean San Agustinek: Melius est in diebus dominicis arare vel fodere, quam choreas ducere (August., De decem chordis). Hobe da eta bekhatu gutiago da igande egunetan golde nabarretan eta lur lanetan trabailatzea, ezen ez dantzan haritzea. Eta haur erraiten du hunela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaixtoa den, baina zeren dantzatik anhitz okhasino behar eztenik sortzen den.
§ 1
269 Bada, begiratu behar da usnaren portalea ere, eduki behar da kontu sudurrez ere. Zeren sar diteke handik ere behar eztena.