<414>
Ezta musketaz, balsamoz eta halako bertze usain onez usainzturik ibili behar. Zeren hala ibiltzeak eztu usain ona. Eta halatan, manatu zuen Solonek etzezala nehork usain merkatalgoatan trata. Zenon filosofoak etzuen ikhusi ere nahi halako usainik zuenik. Eta hala, egun batez bere konpainiako bati usaina aditurik, eta bere baithan haserreturik, galdegin zuen: Quis hic mulierem olet? (Diog. Laert., lib. 7 in Vita Zeno.). "Nork du hemen emazte urrina?". Bidegabe handia egiten derauka bere buruari, emazteki bat bezala urrintztaturik eta usain onez betherik dabilan gizonak.
Zeren halakoak, usain ona emaiteagatik, emaiten baitio bere buruari fama gaixtoa. Badira gauza batzuk ikhusi gabe, sudurraz beraz, urrinaz usnatzen eta jakiten baitira non diren eta zer diren. Hala, bethi usain onez betherik dabiltzanak ere usnatzen dira, eta ikhusi gabe ikhusten, nolakoak, zer azturatakoak eta zertsu diren. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Postumo bere adiskideari: Hoc mihi suspectum est, quod oles bene, Postume, semper. Postume, non bene olet, qui semper bene olet (Martial. li. 2 Epigr. 12). "Goganbehar gaixtoa emaiten deraut, Postumo, zure bethi usain onez betherik ibiltzeak. Zeren eztu usain ona, bethi usain ona duenak. Usainik hoberena, batere usainik ez izaitea da. Hala