<410>
hasi zen berehala ordenatu zeikan erremedioz usatzen. Eta lehenbizikorik, segur baino segurago, hartu zuen erreginaren ur-isuria, bere emaztearena, eta hartzaz, midikuek ordenatu zioten bezala, busti zituen begiak, eta gantzutu. Baina alferrik, lehen bezain itsu gelditu zen, zeren erreginak bere senharraz bertzerik ere dastatu baitzuen.
Erregek xoil miretsi zuen hunetzaz, zeren etzuen uste ezen erreginak halako jokorik jokatu zukeiela. Erreginaz etsitu zuenean, hasi zen berriz bertze emazte prinzipal eta aberats batzuetarik foroguaren egiten, ur-isuri ekhartzen, eta senda ahal zitekeienz enseiatzen. Baina etzioten hek ere senti arazitzen, eta ez onik egiten. Zeren guztiak ziren berdin prestu, guztiak ziren bertzerekin kutsatuak. Orduan erregek hurran-hurran etsitua zebilala, egin zuen inkontru baratzezain probe baten emaztearekin, eta haren ur-isuriaz begiak ukitu zituen bezain fite, argitu zen; eta sendatu zenean, hartu zuen emazte probe hura, egin zuen bere emazte, egin zuen Ejiptoko erregina, eta gero bertze guztiak, gaixto frogatu zituenak, erregina bera barrenean zela, bizirik erra arazi zituen.
Aberatsak aurkitu zituen probeak baino gaixtoago eta haragiaren bekhatuan eroriago. Aberatstasunetik, jan-edanetik, gulatik,