<409>
Hunen arauaz erraiten du San Jeronimok: Esus carnium et potus vini, ventrisque saturitas, seminarium libidinis est (Hier. lib. 2 in Ioan.). Haragi jatea, arno edatea eta sabelaren bethatzea, gutizia desordenatuen hazlekhua da, eta mindegia. Zeren nola mindegian birlandatzeko landareak sortzen eta hazten baitira, hala jan-edanean ere, haragiaren plazer hartzeko gutiziak, orhoitzapenak eta kilikadurak pitzten eta egiten dira. Gaitz da alfer, aise eta ase egoitea, eta haragiaren bekhatutik eskapatzea.
§ 1
267 Komunzki jende aberatsak, jan-edanean ieri dabiltzanak, erortzenago dira haragiaren bekhatuan, probe gosez direnak baino. Hala frogatu zuen Sesostris Ejiptoko erregeak. Errege hura eritu zen, eta itsutu eritasun hartarik (Herodo. lib. 2). Eta berehala erresumako sazerdote, midiku eta gainerako hartako ziren guztiek konsulta eginik, erran zioten: bere senharraz bertzerekin egitekorik izan etzuen emazte baten gernuaz eta ur-isuriaz garbitu behar zituela bere begiak, eta halatan berehala argituko eta sendatuko zeitzala. Erregek haur aditu zuenean, sendatutzat zedukan bere burua: zeren uste zuen ezen mundu guztia prestu zela. Eta