Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/398

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<398>

eta urrea baino finago, baina emazteak bere hitz leunaz, solhas garaziatsuaz, eztiaz eta emeaz, beretakotuko zaitu, zentzutik atherako, liluratuko eta bertze aldera itzuliko zaitu. Zabiltza errota hartara: irina lothuko zaitzu; hurbil zakitza: kutsatuko zaitu. Halatan erraiten du Jondone Paulok: Fugite fornicationem. Ihes egizue emaztetarik, haragiaren bekhatutik, ibenzue zuen eta okhasinoaren artean murru bat, ez elkhargana hurbil. Eztu erraiten Jondone Paulok, bertze bekhatuez bezala, emaztetako bekhatuari defenda gakitzala; eztu erraiten harmetan mokhoz mokho jar gakitzala; baina dio fugite, ihes dagigula (Vide Aug. De honestate mulie., cap. 1). Erran baileza bezala: Bertze bekhatu guztiei behar gatzaizte, Jainkoaren faborearekin batean, kontratu eta defendatu, baina haragiarenari ihes egin: halatan behar dugu garaitu eta biktoria erdietsi. Zeren bertzela, hurbilduz gero, elkharganaz gero, solhasean bakharrik jarriz gero, gaitz da kutsatu gabe gelditzea, sarean sarthu gabe itzurtzea.

260 Ezta zuhurtzia, izurria den lekhura, erremedioetan fidaturik joaitea. Alde egizu, ihes egizu, hura da ez izurriztatzeko erremediorik hoberena eta segurena. Bada, emaztetako bekhatua izurriaren pare da, kutsuz doha, asko du ukitzea, asko du hurbiltzea. Har dezagun, beraz, Jondone Pauloren