<383>
dute, plazer hura, plazer aphurra eta laburra dela, hasi deneko akhabatu dela; eta are batzutan hasi gabe ere akhabatzen dela. Zeren plazer hartan berean ere komunzki plazer baino desplazer gehiago edireiten baita. Utzten ditut plazer haren aitzin-gibelak, anarterainoko eta ondoreko egitekoak eta atsekabeak, handiak baitira; baina hartan zareneko bereko plazeraz mintzo naiz. Eta diot ezen orduan ere, hartan zarenean ere, zerbait eskastasun, zerbait deskontentamendu izaiten duzula; eta hura dela kausa, orduan ere, guztiak ongi kontatzera, plazer baino desplazer gehiago izaiten duzula.
Hala erraiten du San Basiliok: Oblectatio corporeae voluptatis, plus doloris habet quam voluptatis (Basil. in Psal. 33). Haragiaren plazer korporalak, dolore eta desplazer gehiago du, atsegin eta plazer baino. Arrazoinekin galdegiten du Jondone Paulok ere: Quem fructum habuistis in iis, in quibus nunc erubescitis? Zer fruitu, zer irabazi eta plazer izan zenduten orduan, orai ahalkez ere bururik ere ezin ailtxatuz zaudeten bekhatu hetan? Are orduan ere etzenduten plazer osorik hartu, etzineten aspertu, eta ez ase. Eta ezta miretsteko ez asetzea. Zeren sua bezala da haragiaren bekhatua; eta suak eztu behin ere erraiten asko duela.