<384>
Ignis nunquam dicit, sufficit (Prov. 30.). Zeren, Glosak dioen bezala, voluptates semper habent famem sui (Glosa ordin. in cap. 7 Luc.). Haragiaren plazerak bethi dira plazer gose. Eta iduritzen bazaitzu ere, baldin behin zeure desira desordenatua konpli bazeneza, hainbertzez sosega zindezkeiela, enganatzen zara. Zeren San Jeronimok dioen bezala: Libido nunquam satiatur; et cum videtur extincta, reaccenditur, usu crescit et deficit (Hieroni. Ad matrem). Haragiaren plazera ezta behin ere guztiz asetzen, eta ez osoki iraungitzen. Eta batzutan asetzen eta iraungitzen dela badirudi ere, berriz berehala gosetzen eta pitzten da. Eta are denbora gutiren barrenean, lehen baino bizikiago iratzartzen da. Hala erraiten du Glosak: Luxuria, etsi ad horam satiatur, postmodum, tamen, ad appetendum arctius inflamatur (Glos. Lyrana in cap. 3 Prov.). Nola gizonak emazteari diadukon amorioa, bere egitez baita natural, amorio hura aphur bat hotztuagatik ere, berehala naturalezak berak berotzen du, iraungiagatik pitzten du.