<30>
Enzun zuenean Publio Nasikak, egotzi zutela Erromakoek herritik Anibal bere etsai handi hura, Kartago ere hartu zutela, eta hainbertzez, bere ustez, aitzinerat segurean jarri zirela, erran zuen: Atqui nunc in lubrico sumus (Plutar. in Aphothê.). Aitzitik, orai gaude egundaino baino linburtzeko eta erortzeko peril handiagoan. Zeren ezpaitugu orai, lehen bezala, iratzartzailerik eta geure eginbidearen eragilerik.
18 Izan zutenean erromatarrek, desiratzen zuten abantaila eta garaitia kartagotarren gainean, sarthu ziren konseiluan erromatarrak, ea zer eginen zuten Kartagoko hiri hartzaz (Vide Augus. lib. De civitate Dei, cap. 30, tom. 5). Eta Katonek (prinzipalenetarik bat baitzen) erran zuen, guztiak desegin, plaundu eta lurrarekin berdindu behar zuela, zeren bere gerla guztiak eta egitekoak hiri hartarik sortzen zeiztela, eta hura deseginez gero, bakean eta soseguan jarriko zirela. Baina Szipion kapitain famatu hark, ethorkizunari hobeki behaturik, erran zuen etzutela neholatan ere hiria desegin behar. Zeren baldin desegiten bazuten, gerla bat iraungi ustean, bertze handiago bat pitztuko zutela. Zeren berehala jendea alferkeriari, jan-edanari, erran-merranei, eta aisiak dakhazkeien gaixtakeria suerte guztiei emanen zeiela. Eta handik nahastekak, diferentziak, guduak, hauziak, etsaigoak, eta