<276>
San Agustinek (August. De ver. Dom., hom. 16, t. 10). Eztu aitak bere semea, bere soseguan dagoela, gaztigatzen, eztio begia bihurritu gabe zer egin behar duen erakusten. Behar da, behar, behar denean khar aphur bat ailtxatu, behar da koleratu eta haserretu. Halatan du aitak esku eta bothere, semeari gogorki minzatzeko, eta bai kargudunak ere bere kargukoen kontra, huts eginak dohazinean jaikitzeko eta haserretzeko. Hala haserretu ziren Moisen eta Matatias, idoloak adoratzen zituztenen kontra (Exod. 31; 1 Mach. 2). Hala gure Salbatzailea ere errezuzitatu zenean mintzatu zeien gogorki bere diszipulu batzuei, deitzen zituela adimendugabeak eta sinhets gogorrak. O, stulti et tardi corde ad credendum (Luc. ultimo). Hala Jondone Paulok ere mehatxatu zituen Galaziako jendeak, erraiten zerauela: O, insensati galathae: quis vos fascinavit non obedire veritati? (Ad Galat. 5). Ha, galatar zentzugabeak! Nork erhotu eta liluratu zaituzte, ezpaituzue orai, lehen bezala, egia obeditzen eta sinhesten? Hitz hauk desohorezkoak ziren galatarrentzat. Ordea, zeren bihotz onez eta intenzione sainduz erranak baitziren, etzen bitartean bekhaturik.
185 Haur da San Agustinek ere erraiten duena: Non irascitur fratri, qui peccato fratris irascitur (August. lib. 1 Rhetor., cap. 19, t. 1). Ezta anaiaren kontra haserretzen, anaiak duen bekhatuaren kontra haserretzen dena. Halakoak bekhatua gaitzesten