Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/247

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<247>

bertzeren onak; eta zuk, edo eztuzu kasurik egiten, edo utzten ditutzu pagatu gabe zeure ondokoaren esperantzan, eta bai hark ere bertzerenean, eta hala-hala bertzeak ere: eta handik, eta halatan, batak bertzeagana utziz, eta guztiek utziz, utzten dira deskarguak egin gabe. Etzuen hala egiten Zakeo aberats hark, erraiten zuenean: Ecce, dimidium bonorum meorum do pauperibus; et si aliquem defraudavi, reddo quadruplum (Luc. 15). “Neure onen erdiak emaiten derauztet probei, eta baldin nehor enganatu badut, bihurtzen dut laur doble”. Eztu erraiten dabo, emanen dut, ezta geroko mintzo, presentean erraiten du, do, emaiten dut. Eta baldin deus gaizki eramaitera gerthatu bazait, hura ere neure eskuz, bizi naizela, eritu baino lehen, neure ordeneretara eta ondokoetara utzi gabe, reddo, neurk bihurtzen dut. Hala borondatezko obrak, nola obligazinozkoak, berak bere eskuz egiten zituen. Eta hala egin behar ditu, nork ere nahi baitu merezimendu handirik erdietsi, eta bere konzientzia segurki seguratu.

167 Irakurtu izatu dut, ezen behin gizon batek zituela hirur aztore onak eta famatuak. Eta bere azken finean, hetarik bata utzi zuela, zor bat baitzuen, haren pagatzeko;