<191>
izaitea, zeren lurrean baitabiltza. Zer antsia zen, beraz, hargatik? Baldin begitartea, bisaia izan balu likits, badirudi arrazoina izan zukeiela egin zuenaren egiteaz, baina oinakgatik zer antsia zen? Eta alabaina, hargatik, oinetako likitskeriakgatik erraiten da galdu zela; zeren nola zahartzea baita azken adina, eta bizitzearen bazterra eta hondarra, hala dira oinak ere gorputzaren fina, akhabanza. Eta halatan, oinetan likits izaiteak erran nahi zuen, zahartzean zela likits eta gaixto, eta etzela bere finaz ere orhoitu, eta halatan galdu zela. Zeren zahartzean gaixto dena, eta orduan bere salbamenduaz orhoitzen eztena, gaitz da galdu gabe eskapatzea. Erraiten du San Ziprianok: Sicut in lignis ipsa reproba arbor comparet quae post flores, fructus optimos cultori suo non exhibet, sic et in hominibus ipse reprobus est quem flos iuventutis deserit, et tamen in sui corporis senectute, bonorum operum fructus proferre parvipendit (Cyprian. de 12 abusio abusioc 2). Nola zuhaitza baita zuhaitz alferra, fauna, idorra eta agorra, hostoaren eta lorearen ondoan fruiturik jasaiten eztuena, hala da gizona ere gizon alferra eta guti balioa, bere gaztetasuneko lorea eta berdetasuna iraganez gero, obra onen fruiturik gabe dagoena. Gizonak, nehoiz ere izaitekotz, behar luke hogoi urthetan izan laster eta arin; hogoi eta hamarretan indar eta sendo; berrogoietan zentzu eta adimendu; berrogoi eta hamarretan diru eta hazienda; eta hirur hogoietan debozino eta konzientzia.