<189>
ea zergatik daritzten Jainkoak hain gaitz hirur bekhatu suerte haui: probearen urguilutasunari, aberatsaren gezurrari eta zaharraren erhotasunari. Baldinba, bada hauk baino bekhatu handiagorik. Lehenbizikorik, probea urguilu izaitea, badirudi eztela bekhatu handi, lehen dirudi erhokeria eta adimendu falta. Zeren probea zerk urguilutzen du? Halaber, aberatsa ere gezurti izaitea, badirudi bekhatu arina dela, behintzat anhitz da handiagorik. Bada, gizon zaharra ere banaloriatzea, eta gazte denborako zenbait erhokeriatara bihurtzea, gizonari gertha dakidikaiona da: anhitz da bekhatu handiagorik. Zergatik, bada, hauk hunela direlarik, erraiten du guztiarekin ere Spiritu Sainduak hirur bekhatu hauk zaitzala gaitzienik eta itsusienik? Ezta gaitz ihardesten.
Baldin hirur bekhatu suerte hauk konsidera baitzagu gaingiroki, azaletik eta kanpotik, bada hauk baino handiagorik eta Jainkoz ere gaitzetsiagorik. Ordea, baldin har badezagu barrena, mamia, Spiritu Sainduak hunetan erran nahi duena, edirenen dugu maliziaz, premia gabe, golotoniaz, bere plazerera, kausarik, okhasinorik eta tentamendurik gabe egiten diren bekhatuak direla gaixtoenak, eta halakoak dira hirur bekhatu suerte hauk, zeinetzaz mintzo baikara presenteon.
Probea gezurti izaitea, ezta hain miretsteko,