<167>
carnis evulsus est (Greg. Hom. 12 super Evang. et lib. 4 Dialog., cap. 38). Herstu zenean, nahi zukeien aphur bat luzatu, nahi zukeien biharamun arterainoko denbora irabazi; anhitz hitz eder ahotik athera zuen, anhitz othoitz eta oihu egin zuen: anhitzetan egun baten tregoaren, ephearen eta espazioaren eskatu zen. Baina guztiak alferrik. Oihuz eta othoitzez zegoela, bere egunak akhabatu zeitzan, arimak egin zeraukan, eta sekulakotz kondenatu zen.
§ 4
113 Beraz, hunelatan, batere sentimendurik badugu, eztugu gerotik gerora ibili behar; eztugu aitzinerat gehiago denborarik galdu behar. Aitzitik, lehen galdu duguna, behar dugu orai koberatu eta erremediatu. Ordea, nola edo zer moldez erremedia ahal diteke eta kobera? Zeren joana joan da, ezta haren bihurtzerik, eta ez eskuetaratzerik. Ihardesten du San Gregoriok hitz gutiz eta laburzki: Tempus redimimus, quando, anteactam vitam, quam lasciviendo perdidimus, flendo reparamus (Greg. lib. Moral., cap. 28). Denbora iragana reskatatzen eta geuretakotzen dugu noiz eta bizitze gaixto iragana, irriz eta plazerez galdu genduena, nigarrez eta desplazerez koberatzen eta erreparatzen baitugu. Erran nahi du: Denbora iragana, gaizki enplegatu