ahal bezanbat plazer emaiten diotela. Baina gero, zahartzean, odola hotzten hasten zaienean, hasten dira halaber ethorkizunaz orhoitzen, hil behar dutela, eta hil ondoan kontu errendatu behar dutela ohartzen eta pensatzen. Eta handik harat, hala bere buruei ohartuz gero, itzultzen dute plama eta orria bertze aldera; eta lehen gaixto bezain egiten dira gero on eta prestu. Halakoek, dimidiant dies suos, bere egunak erdizkatzeintuzte, bi erdi egiteintuzte. Zeren erdi bata, gaztetasuna, gaizki enplegatu bazuten ere, bertze erdia, zahartzea, ongi akhabatu baitzuten. Eta haur da azkenekotz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren hartzea, Jondone Paulo batek bezala egitea.
Baina berriz, bertze batzuk gaztean dira on, prestu eta debozinotsu, eta zahartzean gaixto eta maliziatsu. Hastean on, eta akhabatzean gaixto, Judas izan zen bezala. Halakoek, dimidiant dies suos, erdizkatzeintuzte bere egunak, bi erdi egiteintuzte. Zeren zahartzean gaixto badira ere, gaztean on izan baitziren. Ordea, hura da gaizki eta gaixtoki egunen erdizkatzea, zeren onetik gaixtora aldatzen baitira. Eta, hanbatik hanbatean, gaixtoago eta perilosago da zahartzean gaizto izaitea, gaztean baino. 112 Baina finean, berriz, bertze batzuek, non