<164>
denbora. Baldin merkatari batek eman baliazo bere semeari diru suma bat bere eskuko, manaia lezan, enplega lezan, tratuan eta merkatalgoan erabil lezan. Eta, halatan, tratua ikhasirik, berak bere buruz zerbait irabaz lezan. Ordea, baldin seme hark bere aitaren eman hek guztiak jokoan, jan-edanean eta arloterian gasta balitza, arrazoinekin lizateke seme hura beldur, ez liazon bere aitak aitzinerat gehiago eman eta ez fida, eta are lehen emanak ere edeki liatzon. Hala bada, arrazoinekin izanen gara gu ere beldur, edeki diazagun geure Jaungoikoak ethorkizuneko denbora, iragana hain gaizki enplegatu dugunaz geroztik. Hala, Noeren denboran ehun eta hogoi urthe bizitzeko prometatuz gero, edeki zerauzten azkeneko hogoiak, zeren leheneko ehunak gaizki enplegatu baitzituzten. Haur emaiten du aditzera errege Dabitek ere, erraiten duenean: Viri sanguinum et dolosi non dimidiabunt dies suos (Psal. 54). Gizon gaixto, odol-isurle, gerlati, maliziati eta enganatiek eztituzte bere egunak erdizkatuko, eztira halakoak bertzela biziko zirenaren erdia biziko.
111 Batzuek bere gazte denboran, odola bero dutenean, bizitzen dira Jainkorik, heriotzerik edo kontu errendatzerik ezpailiz bezala, libertate handian, mila bekhatu, malizia eta enganamendu egiten dutela; gorputzari