<141>
dagoen onbeharra urrikaltzen. Aitzitik, atsegin hartzen du, zeren hala penatzen den, eta nahi du pena dadin, eta are handik ilkitzeko esperantzarik gabe pena dadin. Gogortasunaren handia! Justiziaren bortitza! Zuk diozu miserikordios dela Jainkoa. Baina hunetan badirudi justiziatiago dela; eta justiziak garaitzen duela miserikordia. Eta arrazoinekin dirudi hala.
Zeren ezpaita bertze munduan izanen gaixtoentzat miserikordiarik.
Miserikordios da Jainkoa, baina erran behar da justiziati ere badela. Zeren munduari barkhatzera, ezin deusek ere balakatu zuen, eta ez amoratu, bere semearen heriotzeak baizen.
93 Miserikordios da Jainkoa, eta guztiarekin ere, Noeren denboran zortzi presunaz bertze guztiak uholde batez hondatu eta akhabatu zituen. Halaber, Sodoma eta Gomorra, inguruneko bertze hiri batzuekin, su bat zerutik igorririk erre zituen. Halaber, Datan eta Abiron, lurrak bere lagunekin iretsi zituen. Eta orduan hek guztiak ifernura ziren. Eta orai ere ifernuratzen dira giristino eztirenak. Eta beldur naiz giristinoetarik ere gehienek bide hura hartzen duten; eta erraiten denean anhitz direla deituak, eta gutiak hautatuak, giristinoez ere orobat aditzen den. Zeren, non da giristinorik, giristino