<139>
erraiten du profeta Dabitek: Misericordiam et iustitiam cantabo tibi, Domine (Psalmo. 100). "Jauna, miserikordia eta justizia kantatuko derauzkitzut", biak berdin, hain ongi bata nola bertzea.
Miserikordiaz soilki eta bakharrik, justiziaz konturik egin gabe mintzo denak, eztaki zer mintzo den, eztu halakoak justiziaren handitasuna ikhusten. Eta ikhusazu nola eztuen ikhusten. Zuk diozu miserikordios dela Jainkoa, eta ongi diozu. Baina zuk, Jainkoa miserikordios dela diozunorrek, aditu behar ditutzu aphur bat justiziaren tornuak eta kolpeak ere, hek aditurik, fidantzia erhoak utz ditzatzun amoreakgatik.
§ 2
92 Justiziaren lehenbiziko kolpea eta desarra izan zen goitian, zeruko aingiruetan, Luziferren eta haren lagunen gainean. Zeruko aingirurik ederrena, abantailatuena eta Jainkoaren adiskiderik handiena, egotzi zuen justiziak, urguilutasuneko bekhatu batengatik, sekula fingabekotzat ifernuko peneetara. Eta aingiru guztien lehena, aitzindaria eta agintaria, egin zen deabru, eta deabru guztien buruzagi, kidoin eta kapitain. Zen ederrena, egin zen itsusienik; bere gogarena gaizkienik. Onhetsiena