<134>
orobat da bihar, orobat da gero. Ahal dukegu esperantza, fidantzia eta segurantza bizitze luzea emanen derakula; eta noiz nahi den, zahartzean, eta are hiltzerakoan ere, geure bekhatu guztiak barkhatuko derauzkigula. Zeren hain gauza onak, miserikordiosak, bihotzberak, eta amoltsuak, ez liakitke bertzela egiten, ez liakitke nehori gaitzik emaiten" (Vide Aug. De vera et falsa paenit., cap. 4, tom. 4).
Guregatik zerutik lurrera jautsi zen; guregatik bizia eman zuen, gorputzeko odol guztia isuri zuen; eta odol hartzaz, bere Aitaren eta gure arteko trabua eta etsaigoa khendurik, bekhatuaren zorra osoki justiziaren arauaz pagaturik, eta gathibutasunetik ere atherarik, libertatean ibeni ginituen. Eta Jainkoak hunelako gauzarik egin baino lehen, Lege Zaharrean ere, gaixtoak berak kondenatzen ziren, eta ez bertzerik. Beraz, orai eztira gaixto guztiak ere kondenatzen, edo gaixtoak erraxki ontzen dira. Zeren bertzela, zer diferentzia lizateke leheneko denboratik hunetara? Edo zer probetxu genduke guk, Jainkoaren mundu hunetan ibiliaz eta penatuaz? Eta Jainkoak berak erran bazuen ere: Multi sunt vocati, pauci vero electi (Math. 20), anhitz direla deituak, baina gutiak hautatuak; hargatik eztugu guk giristinok zer iziturik. Zeren giristinorik baizen ezta salbatzen, eta gutiak dira giristinoak, giristino eztirenen