<117>
hunetan erran nahi dudana da, badela bekhatuetan neurri bat, badela ez aitzinago iragaiteko marra bat eta kontu bat. Eta lehenbiziko bekhatuaren egitera ere bai, baina guztiz ere handik harat, hurrenekoaren egitera behar dugula izan beldur, zeren hartzaz, lehenaz egin eztena, neurria betha baititeke.
Eta hunetarik athera ahal dezakegu, eta ikhas anhitz gauza. Lehenbizikoa, zinez gatzaitzala zu eta ni ere zordun geure Jaungoikoari. Zeren benturaz anhitz baitago orai ifernuan, guk orainokoan egin dugun baino bekhatu gutiagorekin; eta guk geureak oraino, gehiago balira ere, Jainkoarekin batean, erremedia baititzakegu. Halaber, bigarrena, ikhas ahal dezakegu hunetarik, bethi ere behar dugula izan beldur eta herabe bekhatu egitera, zeren ezpaitakigu zeinez zerratzen den kontua, lehenbiziko egiten dugunaz ala bigarrenaz. Eta guztien buruan ikhas ahal dezakegu eta athera hunetarik, erhokeria handia dela, guk geure buruan daramaguna eta erraiten duguna, bekhatuen utzten eta obra onen egiten gero hasiko garela. Zeren pensatu behar genduke, badela bekhatuetan neurri bat, kontu jakin bat, eta guk destatzen eta ordenatzen dugun gero hartara heldu gabe, kontu hura konpli ditekeiela, eta neurria betha.