<118>
§ 2
78 Erraiten du Aristotelek, eta hari jarraikitzen zaitza bertze filosofo guztiak ere: Omnia viventia quae dicuntur natura constantia, habent certum limitem suae quantitatis (Aristo. 2 Ex anima, cap. 4, text. 41). Bizitzen diren gauza guztiek, badute bere neurria bere handitasunean, eta bai ttipitasunean ere. Gizona ezin dateke zigarra bezain ttipi, eta ez zigarra ere gizona bezain handi. Eta nola bizitzen diren gauza guztiek baitute bere handitasunean eta ttipitasunean bere pontua eta neurria, hala dute iraupenean ere bere denbora. Denbora batetaraino iraun ahal dezateke, eta ez gehiago; handik harat guztiak dohazi beheitituaz, ahituaz eta bere indarrean flakatuaz. Animalia batzuek gehiago irauten dute, bertze batzuek baino, eta bai zuhaitzek ere. Ordea, guztiek dute bere denbora jakin bat eta neurri bat. Hala dute, bada, bekhatuek eta bekhatoreek ere bere arauaz bere neurria eta kontua zenbatetaraino hel, eta bai denbora ere noiz arteraino iraun. Eta denbora hura konplituz gero, neurria bethez gero, eztu Jainkoak gehiago iguritkitzen. Hala emaiten du aditzera Eskritura Sainduak, erraiten duenean: Vade et interroga mulierem praegnantem, si quando impleverit novem