<107>
eztaduka konturik. Zeren usantzarekin batean, itsutua, gogortua, ezansiatua eta, erroak eginik, bekhatutan barrena sarthua baitago.
Gizon batek, bere herritik kanpora Indietara edo bertze lekhu urrun batetara partitzen denean, eta oraino bere herriko agerrian, komarketan eta terminoetan denean, maiz behatzen du gibelat, bere herriko mendietarat. Baina aitzina iraganez gero, bere herria eta herriko lurrak bistatik galduz gero, itzultzen da bertze alderat, joan behar duen eta dohan lekhu hartarat; eta han, aldiz, bere begiak eta gogoa ere ibentzeintu. Bada haur beror gerthatzen zaika, lehen justu izanik, zenbait denboraz bekhaturik gabe egonik, bekhatu egitera partitzen eta abiatzen denari ere. Abiatu berri hartan, maiz behatzen du gibelat, utzi duen bizitze presturat; eta hartzaz orhoiturik, egiten du zenbait hatsbeherapen, errezibitzen du bere baithan zenbait tristura. Baina bekhatutan aitzina iraganez gero, leheneko aztura onak eta berthuteak begi bistatik galduz gero, gogotik utziz gero, ibentzen du, aldiz, bere gogoa eta bihotz guztia eskuen artean darabiltzan bekhatuetan eta plazeretan. Eta handik harat, eztu leheneko herriaz eta bizitzeaz konturik egiten, urrundu da, presentekoak darama guztia.