Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/98
<98>
buruari alhaturik, ethorkizunaz gogoetan jartzen da. Baina bekhatuz bethez gero, plegua hartuz gero, usatuz gero, eta usantza zahartuz gero, gaixtatzen da, ezansiatzen da, eta aldez aingiru gaixtoen berdin, deabruen paretsu egiten da.
Nola aingiruak bere adimenduaz erdiets ahal zezan guztia, ez guk bezala aphur bana eta pensatuz, baina kolpe batez eta osoki erdietsi baitzuen, lehenbizian hartu zuen bidea daduka eta edukiko du sekulakotzat (Vide Sanct. Thom. 1 p., q. 4, art. 2). Behin makhurtuz gero alde batera, ezin xuxen diteke bertzera, eta ez gibelat bihur. Eta hala gerthatzen zaiku guri ere hiltzen garenean. Zeren San Damaszenok dioen bezala: Hoc est hominibus mors, quod Angelis casus (Damascen. lib. 2 orthod. fidei et refert. a S. Thom. ubi supra). Aingiruetan bekhatuak egin zuena, egiten du gure baithan ere heriotzeak. Hek bekhatu eginez gero, etzuten erremediorik; ez eta guk ere, bekhatutan hilez gero. Bada aingiru gaixtoen egoitzara hurbiltzen gara gu ere, bekhatu egin hutsez, bekhatutan gogortzera, itsutzera eta ezansiatzera ethortzen garenean. Aingiru gaixtoa behingoaz galdu eta gogortu zen bethierekotz: hala bada gu ere, ez behingoaz, baina bai anhitzetan eta anhitz bekhatu eginez eta hetan usatuz, galtzen eta gogortzen gara.
68 Eta halako bekhatua, gogortuz gerozkoa, erraiten da Spiritu Sainduaren kontrako bekhatua