<97>
In circuitu inpii anbulant, dio errege Dabitek (Psal. 11). Inguruka edo ingurunean dabiltza gaixtoak. Badabiltza, ordea, inguruka probetxu gabe, bethiere lekhu berera bihurtzen direla. Hala dabilanak, egiten duen irabazi guztia da, lurraren aurizkitzea, zapatzea eta gogortzea. Eta zenbatenaz eta gehiago baitabila, hanbatenaz zapatzenago eta gogortzenago du. Hala bada, bekhatoreak ere bekhatutan ibiltzeaz eta usatzeaz gogortzen du bere konzientzia, mailu kolpeek ingudea gogortzen duten bezala.
Emaiten du aditzera Eskritura Sainduak, bitinak bezala direla gaixtoak, eta azkeneko egunean ezkerreko aldean ibeniko dituela Jainkoak. Statues haedos a sinistris (Matth. 23) . Bitina, ahuntzumea, gazte deino, on da jateko, samur da, uxter da, sasoal da; ordea, galtzen du adinak. Gero eta gero doha gaixtatuaz, zailduaz eta gogortuaz. AEtas, ex haedo, asperum facit hircum (Plaut. lib. 1 Epigram.).
67 Bekhatoreak lehenbizian, bekhatu guti duenean, badirudi ezen oraino zerbait balio duela, samur duen parterik, uxter duen aurkientzarik, endrezera onik eta gozorik baduela. Eta hala, orduan, predikariez, konseilu onez, eritasunez, bere lagunak hiltzen zaitzala ikhusteaz, igortziriez eta hunelako bertze peril mueta batzuez, ikharatzen da, minberatzen da, sentikortzen da, eta bere