Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/605
<603>
gaixtoan eta malizian ostinatuak, gogortuak eta itsutuak baitaude, eta iragaiten duten pena ere, ez borondatez, baina bortxaz iragaiten baitute; eta pagatzeko eta meritu erdiesteko denbora ere iragan baitzaie, ezteraue Jainkoak deus ere hartzen kontutan. Bethiere, lehen deus iragan ezpailiz bezala, hasten zaie bere pena. Ehun mila mila urtheren buruan, hain urrun egonen dira pagatzetik, nola lehenbiziko sarthu ziren egunean eta orenean.
Orai hemen pena aphur batez, bihotzezko urrikimendu batez, egiazko konfesione batekin erremedia ditzakezu zeure bekhatu guztiak. Zeren orai Jainkoaren miserikordiaren atheak idekiak baitaude; eta zuk ere orai zeure borondatea libre baituzu, eta libreki bertze aldera, gaixtotik onera, itzul baitezakezu. Baina ifernuraz gero, galdu du libertateak bere indarra; itsutu da adimendua, gogortu da borondatea, akhabatu dira arimako feriak, hertsi dira miserikordiaren atheak. 388 Aingiru gaixtoak bekhatutan erori zirenean, gelditu ziren malizian gogortuak, eta erremediorik gabe sekulakotzat galduak; hala gelditzen dira, bada, bekhatutan hiltzen direnak ere, hil ondoan sekulakotzat erremediotik kanpoan. Si ceciderit lygnum ad Austrum aut ad Aquilonem, in quocumque loco ceciderit, ibi erit (Eccles. 11). Zuhaitza norat ere erortzen