Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/132
<132>
eta xaluparik edo batelik gabe, leihorrean izan bailiz bezala, fidantzia handi batekin, esperantza segur batekin, bere Jainko nabusiagana zihoanaz geroztik, haren faborearekin batean, itsasoak jasanen zuela, etzela ithoko, eta ez hondatuko. Eta etzen, ez, enganatu. Zeren fidantzia hark iraun zeraukan bitartean jasan zuen itsasoak, etzen ondora, leihorrean bezain segurki eta gogortki finkatzen zituen oinak. Baina gero, haize bat jaikirik, itsasoa handitzen eta haserretzen hasi zenean, hasi zen halaber Jondone Petri ere, izitzen, ikharatzen, dudatzen, esperantzaren eta fidantziaren galtzen. Eta nola baitzihoan dudatuaz eta fidantziaren galduaz, hala zihoan itsasoan barrena ere sarthuaz, estaliaz eta hondatuaz; halako moldez, ezen azkenean, guztiz honda etzedin, bere nabusiak eskua, goiti edukitzeko, eman behar izatu baitzeraukan, erraiten zioela: Modicae fidei, quare dubitasti? (Math. 14). Ha fede aphurretakoa, fidantzia gutitakoa, zergatik dudatu duk? Zergatik ez aiz leheneko gogoan eta sinhestean fin egotu? Fidantzia izan zuen bitartean, ongi joan zeikan, orduan jasan zuen itsasoak. Baina fidantzia hura faltatu zeikanean, faltatu zeikan itsasoari ere, jasaiteko eta sostengatzeko indarra eta botherea. Halatan erraiten du errege Dabitek: Qui confidunt in Domino sicut mons Sion.