<278>
eta gaitzerizkoa bihur dakien. Hargatik erraiten du profetak: Irascimini, et nolite peccare (Psalm. 4). Haserre zaitezte, eta eztagizuela bekhaturik. Haserre bai; ordea neurriz, pazientziaren xedea eta marra iragan gabe; faltari bai, baina faltaren jabeari herrarik eta aiherkunderik eduki gabe.
Zeure umea edo zerbitzaria korrijitu, emendatu eta zentzatu nahi duzunean, anhitzetan ere, zerori jartzen zara zenza beharreanago. Zeren zenzatze hartan, zeure umeari erakustean, hain haserretzen, koleratzen eta zeure zenzutik eta pazientziatik ilkitzen zara, non anhitz arnegu eta juramentu eginik, azkenean, zure umearen eta zerbitzariaren falta baino, zurea handiago gerthatzen baita, eta zerori erremediakizunago eta zentza beharrago jartzen baitzara.
Bada, ez bertzela, baina arrazoinaren eta justiziaren arauaz, eta noren kontra haserretzen baitzara, haren ontasunagatik eta falten erremediatzeagatik neurriz haserretzea, gauza ona da eta saindua. Eta molde hunetan haserretzea deitzen da ira per zelum, “zelo onezko hira”, amoriozko haserrea, onginahizkoa. Baina bada bertze bat, borondate gaixtozkoa, mendekuzkoa, ez bekhatuaren erremediatzeko, baina bekhatoreari