<357>
Haragiaren amorio desordenatuak egiten duen borzgarren kalteaz: sosegurik eta pausurik gabe ibentzeaz
Kap. XXXIV
237 Haragiaren aphetitu desordenatuak egiten dituen desordenuez eta kaltez mintzo garenaz geroztik, goazin aitzinago, eta edirenen dugu, ezen emazte gizakoiak, eta gizon emakoiak, presuna putanerak eztuela deusetan ere sosegurik, eta ez pausurik.
Nork erranen du zenbat atsekabe, zenbat gau eta egun gaixto iragaiten duen halakoak, hala gizonak nola emazteak? Nola konpainia prestuak utzirik, bere egitekoei gibela emanik, loa galdurik, bera bakharrik, itzalgaizka, airatua, basatua eta idurikortua ibiltzen den? eta erraiten duen bere baithan: "Ikhusi othe naute? Zer othe diote nitzaz?". Eta deus enzuten badu diotela, haserretzen da, gaitzerizkoan batarekin eta bertzearekin jartzen da. Zeren nahi luke, hura bera bezala, bertzeak ere itsu liren, eta nehork ez lerran deus. Eta, alabaina, ezta hartazko solhasik