<358>
baizen.
Guztiek, batak alde batetik eta bertzeak bertzetik, saltsa nahasten eta iratiotzen dute, guztiak hartzaz mintzo dira. Bertzerik ezpaliz ere, bere amoranteak berak ekhartzen dio berri franko: nork zer dioen, nor nola mintzo den, direnak eta eztirenak garraiatzen derautza. Zeren halakoak hartako dira on, eta ez bertzetako. Han da munduko elha-berri, erran-merran eta nahasteka guztia.
Nik uste dut ezen emaztetara emana den gizona, hala deino, ezin datekeiela ongi, eta guztiz ere baldin ezkondua bada. Ezkondu gabe baten erortzea, behar ezten emazte batekin segitzea, ezta ongi, bekhatu da. Baina aldez ezta hain miretsteko munduko arauaz.
Ordea, ezkondu batek, emazte ederra eta prestua duen batek, hura utzirik, har dezala itsusi bat, begi-zeihar bat, ezkel bat, betheriatsu bat, finean eztheus bat; eta harekin josia bezala egon dadila.
Erran behar da adimendua itsutu zaikala, memoria nahasi zaikala, eta borondatea behar ezten aldera itzuli zaikala. Halakoaren etxean ezta gerlarik, liskarrik eta bizitze gaixtorik baizen. Zeren emazte ezkondua eztu deusek ere hala giharran ukitzen, krozkan erauzten, eta ez bere tentutik eta pazientziatik atheratzen, nola bere senharra bertzerekin