<396>
gauza guztiez: hala mihiaz eta minzatzeaz, nola janaz eta edanaz. Lehenbizikorik behar da banoki, ergelki, arintki eta desonheski minzatzetik begiratu. Zeren Jondone Paulok dioen bezala: Corrumpunt bonos mores colloquia mala (1 Cor. 15). Solhas gaixtoek galtzen dituzte aztura onak. Eta erraiten dute filosofoek ere: Voces sunt signa conceptuum. Mihiak deklaratzen du zer dadukan batbederak bere gogoan eta bihotzean. Nor nola mintzo baita kanpoan, hala ohi da barrenean. Zer baitaduka gogoan, hura aipha nahi du jendartean. Mihia da bihotzaren mandataria: mihian da ezagun nor den batbedera, eta bai nongo den ere, Jondone Petri ezagutu zen bezala.
Eskusatu behar dira eta gibelatu hitz alferrak, arinak, jokolariak, dostailuak eta, guztien gainetik, desonhestak, banoak eta ergelak. Zeren hek iratzartzen dute lo datzana, eraikitzen dute ihizia, eta eragiten behar eztena. Hek dira su pitzgarriak, eta elkharrekin trebatzeko bideak. Halako hitzetarik behar duzu eskusatu zeure mihia, baldin nahi baduzu begiratu emaztetarik zeure burua.