Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/162
<162>
gaizkirik ez egitea, ezta asko ez gaixtatzea, baina ondu behar da, eta ongi egin behar da; ez aitzinatzea, gibelatzea da. Zeren bitartean, bertze kalterik ezpada ere, denbora galtzen eta probetxatu gabe iragaiten baita.
109 Kontu egizu ezen orai ditutzula berrogoi urthe. Eta egizu, halaber, kontu eta gogoeta, zenbat ongi eta obra on egin ditutzun berrogoi urthe horietan, eta edirenen duzu, baldin zin-zinez, fintki eta debotki manaiatu eta enplegatu bazina, berrogoi urthe horietan egin ditutzun ongiak, ontasunak eta obra on guztiak, egin zinituzkeiela urthe batez. Beraz, hunelatan galduitutzu bertze urthe guztiak, berrogoietarik hogoi eta hemeretziak. Zer kontu emanen duzu, bada, urthe galdu hetzaz? Hitz alfer guztiez eman behar da kontu, zer izanen da, bada, hanbat denbora galduz eta alfer iraganez? Arrazoinekin erraiten du Jeremias profetak: Vocavit adversum me tempus (Thren. 1). Deitu zuen ene kontra denbora. Denborak berak, guk galtzen dugunak, akhusatzen gaitu, hura bera jaikitzen da gure kontra.
Omnia, mi Lucile, aliena sunt; tempus, autem, nostrum est, dio Senekak (Senec. Epis. 1). Bertze gauza guztiak bertzerenak dira, baina ez denbora, hura gurea da.
Orai eskuen artean dugun denbora, prestatzen deraku geure Jaungoikoak, utzten deraku